XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) idazlanen xerka bazterrak korritu ostean, prosagintza izan zen eskuartera egokitu zitzaidana (prosa lanei dagokienean espainieraz zein frantsesez kasik osorik baitugu Bukowski Anagrama eta Grasset/LGF argitaletxeei esker, hurrenez hurren).

Baina, Bukowskiren prosa lan guztiak ardoa lez irentsi eta, ni oraindik ere haren poesiaren egarri nintzen.

Ezin topa, haatik.

Bitxia da, izan ere, batik bat poesia idatzi zuen Bukowskiri elaberri eta narrazioen bitartez etortzea egun duen sona.

Esan beharrik ez dago beraren lan orijinalik nekez aurki daitekeela gure inguruan.

Hasierako poemak underground aldizkarietan argitaratu zituen, eta gero City Lights Books eta batez ere Santa Rosako (California) Black Sparrow Press argitaletxeetan.

Azken horrek, John Martin editore eta lagunaren esku, idazlan ezagunenak argitaratu zizkion 70eko hamarkadatik aurrera.

1994ko azaroan poema liburu bat oparitu zidaten, izenburu berezi xamarra zuena: Play the Piano Drunk/Like a Percussion Instrument/ Until the Fingers Begin to Bleed a Bit (Jo Pianoa Mozkorturik / Perkusio Tresna lez / Hatzak Pittin bat Odoltzen Hasi Arte).

Charles Bukowskirena zen, Black Sparrow Press-ek 1979an argitaratua.

Ezustekoa pasa eta itzultzen hasi nintzen 5. Itzulpena Deustuko Unibertsitateko Euskara-Gaztelera Itzulpen Masterreko proiektua da eta Xabier Mendigurenen zuzendaritzapean dago. Hau idazten ari naizela proiekturako epea ez da amaitu; hala bada, artikulu honetan nik egindako euskarazko itzulpenak oro behin-behinekoak dira printzipioz, azken orrazketen pentzutara baikaude..

Bukowskiren idazkera: bat-bateko poesia

Artikulu honen helburua Play the Piano Drunk-en 6. Hemendik aurrera horrelaxe deituko diot nik itzuli liburuari. topatu ditudan hiztegi arazoak ezagutaraztea den arren, ezinbestekoa iruditzen zait lehenengo eta behin Bukowski eta berorren poesigintzaren gaineko zerbait esan eta ezaugarri nagusi batzuk agertzea.

Saiatuko naiz laburra izaten eta nabarmentzen Bukowskiren edozein itzultzailek izan ditzakeen arazorik gatxenak nondik datozen.

Bukowskik poemetarako garatu zuen estiloa prosan ikus dakiokeen berbera da funtsean, batez ere imaginagintza grafikoari dagokionean.

Batzuetan (sarritan) badirudi mikronarrazio bat idatzi eta, aizto zorrotz batez lerrotan eta ahapalditan anarkikoki zatikaturik, harro-harro erakusten duela.

Eguneroko bizitzan irautea miraritzat hartzen zuen baina berak, dramatismotik ihes eginez, egunean eguneango materiale gordinari umorez heldu zion.

Giza kondizioa umorez eta komentario zorrotzez deskribatzea helburu zuelarik, Bukowskik beste elementu bat gaineratu zion bere poesiari: egia.

Berak usu aipatzen zuen gauza bat da egiaren kontu hori, zintzotasun poetikoarekin nahastuko duena, eta uste baino garrantzitsuagoa da, egia esatearena azken muturretara eramango baitu, bere bizitza literatura bihurtu arte,(...)